OINARRIAK ETA PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak Mugaldeko Udaleku Ibiltaria antolatu du, honako entitate hauen laguntzarekin: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Udala eta Urruñako Udala.

Izen ematerakoan parte hartzaileek dokumentu hauetan biltzen diren oinarriak eta baldintzak ontzat ematen dituzte.

Helburuak

  • Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
  • Mugak gainditzea.
  • Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
  • Parte hartzea bultzatzea.
  • Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuaz.

Adina, datak eta ibilbidea

Adinak

Udalekuetan 2009 eta 2010 urteetan jaiotako gazteek parte hartu ahalko dute.

Datak

Hasiera: Oiartzun, uztailak 15, 10:00

Bukaera: Urruña, uztailak 20, 18:00

Familia bakoitzaren esku dago parte hartzaileak Oiartzunera eramatea eta Urruñara bila joatea zehaztutako orduetarako.

Ibilbidea

Herri batetik besterako ibilaldiak oinez eginen dira, egutegi honen arabera:

  • Uztailak 15: eguna Oiartzunen bertan jarduerak eginez.
  • Uztailak 16: Oiartzun-Lesaka
  • Uztailak 17: Lesaka-Bera
  • Uztailak 18: Bera-Sara
  • Uztailak 19: Sara-Urruña
  • Uztailak 20: Urruñan egun osoan jarduerak.

Ibilaldiez gainera, parte hartzaileek kulturarekin, euskararekin eta kirolarekin lotutako jarduerak eginen dituzte. Otorduak eta egoitzak antolatzailearen esku dira.

Izen ematea eta parte hartzeko baldintzak

Izen emateko bide bakarra online formulario baten bidez izango da, eta martxoaren 18tik 29ra bitartean egingo da. Parte hartzeko baldintzak honakoak dira: euskaraz jakitea eta aipatutako udalerri eta eskualdeetan erroldatua egotea.

Izen emateak banaka egingo badira ere, parte hartzaileek nahi izatera beste lagun batekin batera parte hartu nahi dutela adierazi ahalko dute formularioan bertan.

Epe hori iraganda izen emate kopuruak aztertuko dira. Eskaintzen diren tokiak baino eskaera gehiago izanez gero, izen eman dutenen artean zozketa egingo da, betiere neska eta mutilen arteko parte hartze orekatua irizpidetzat hartuta.

Ondoren familia guztiei komunikatuko zaie udalekuetan onartuak izan diren edo ez.

Udalekuen prezioa 120,00 eurokoa da, parte hartzaile bakoitzeko. Prezio horretan sartzen dira egoitza, otordu eta egingo diren ekintza guziei dagozkien gastuak. Ordainketa udalekuetan onartuak izan direla jakin ondoren eginen da, antolatzaileak familiei azalduko dien eran.

Datuen babesa

Datu Pertsonalen Babesari buruzko 15/1999 Lege Organikoak ezartzen duenaren ondorioetarako, jakinarazten dizugu dokumentazio honen bidez jasotzen ditugun zure datu pertsonalak MUGALDEKO UDALEKUA izeneko fitxategian sartuko direla eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea kultur elkartea izango dela hauen titularra eta arduraduna.

Datu horiek ez dira sekula tratatuko edo ez zaizkio hirugarren bati utziko, nola eta ez den interesatuaren berariazko baimenarekin edo Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 6.2 eta 11.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz ez den (1999ko abenduaren 14ko EAO 298zk).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoaren arabera, datu lagatzaileak edozein unetan du eskubidea datuen berri izateko, datuak zuzendu edo ezereztatzeko edo datuen aurka egiteko.